Hasiera / Berriak / MONDRAGON ASSEMBLY-K ETXEAN HAZI ETA KANPOAN EROSTEKO ASMOA DU

Berriak

MONDRAGON ASSEMBLY-K ETXEAN HAZI ETA KANPOAN EROSTEKO ASMOA DU

2020-02-26

Mondragon Assemblyk, industria-sektorerako muntaketako ekipo eta lerro automatikoen fabrikatzaileak, Euskal Autonomia Erkidegoan eta kanpoan hazten jarraitzeko asmoa du. Horretarako, ez du baztertzen Aretxabaletako instalazio nagusiak handitzea, hornitzaile globala izateko garatzen ari den politikari jarraikiz.
Datozen lau urteetarako hausnarketa estrategiko bete-betean murgilduta dago enpresa, eta nazioartekotzea izango da sakondu beharreko gai berezietako bat.
Taldeak salmentak bikoiztu ditu lau urtetan, eta horretarako funtsezkoa izan da eguzki-merkatuan eskaintza «oso lehiakorra» garatzea.
Negozio-segmentu horri dagokionez, enpresako kudeatzaileek adierazi dute «eskaintza atomizatzen» ari dela, eta, «gero eta fabrikatzaile gutxiago» gelditzen direla. Masa kritikoa batez ere Txinan dago, eta bertan egiten dituzte munduko eguzki-panelen ehuneko 80 baino gehiago.
Enpresak azken urteetan izan duen hazkundearen beste gakoetako bat nazioartekotzea izan da, eta horrekin batera, bezeroengandik oso hurbil egotearen estrategia; izan ere, horri esker, bezero horien garapen berrien hornitzaile bihurtu da. Nazioartekotzearen bidetik, enpresak produkzio-lantegiak ditu Alemanian, Frantzian, Mexikon, Txinan eta Brasilen, eta merkataritza-bulegoak Indian eta Tunisian. Estrategia horri esker, automozio-sektorean hornitzaile global bilakatzea lortu du. Horixe da, hain zuzen, enpresaren beste negozio-ildo nagusietako bat.
Zalantzarik gabe, nazioartean duen zabalpena lagungarri izango zaio Mondragon Assemblyri «zalantzaz betetako» 2020ko ekitaldiari aurre egiteko, kudeatzaileek azaldu dutenez. Baina egoera ez da berdina herrialde guztietan. Hala, Espainian eta Frantzian egoera «kezkagarriagoa» dela deritzote, «proiektu berririk ez delako ikusten»; Mexikon, Txinan, Brasilen eta Alemanian, berriz, bilakaera hobea aurreikusten dute, «2019koa baino apalagoa», nolanahi ere.
Taldeak I+G+b arloa ere lagungarri izango du merkatuan izan litezkeen gorabeherei aurre egiteko. Ildo horretan, 2019an negozio-bolumenaren ehuneko 6 bideratu zuen arlo horretako jardueretara Aretxabaletako instalazioetan. Aurten, Mexikon I+G+b arloko beste departamendu bat martxan jartzea aurreikusi du. Frantziako eta Alemaniako filialetan abian direnei batuko zaie.

Empresa XXI- Otsaila