Hasiera / Berriak / PATXI KOOPERATIBA ELKARTEAK HOTZEKO SISTEMA LOGISTIKO BAT JARRI DU ABIAN LA SALVE GARAGARDO-ENPRESARENTZAT

Berriak

PATXI KOOPERATIBA ELKARTEAK HOTZEKO SISTEMA LOGISTIKO BAT JARRI DU ABIAN LA SALVE GARAGARDO-ENPRESARENTZAT

2019-12-04

Patxi Koop-ek, ostalaritzako produktuak banatzen dituen kooperatibak, hotzeko logistika-sistema integrala jarri du abian La Salve garagardo-ekoizle bizkaitarrarentzat (Mahou-San Miguel taldearen esku dago La Salveren kapitalaren % 42,7). Espainian aitzindaria den proiektuak honako instalazio hauek hartzen ditu barne: 400 metro kubiko dituen hotz-ganbera bat Patxi-Koop-en egoitzan, Derion, 35.999 litro garagardo biltegiratzeko edukiera duena; beste hotz-ganbera bat La Salveren egoitzan, Bilbon; eta bi kamioi hoztu, garagardoa ostalaritzako establezimenduetara garraiatzen den bitartean hotz-kateari eusteko.

Instalazio horiek 700.000 euroko inbertsioa jaso dute, eta, haiei esker, garagardoaren tenperatura 4º-tik behera mantenduko da ekoizten denetik bezeroari banatu bitarteko biltegiratze-fasean. Horrez gain, orain arte ostalaritzako 35 establezimenduk ezarri dute zero kilometroko garagardoen kalitateari eusteko instalazio egokia, eta urtearen bukaeran 400 establezimendu izatea aurreikusten du La Salvek.

Zenbait erakundek hartu dute parte proiektuan, hala nola Azti Tecnalia teknologia-zentroak, Innobasquek eta Euskadiko Elikadura Klusterrak.

La Salve garagardo-marka 1886. urtean sortu zen. Ekoizleak bi milioi euro inbertitu ditu azken urteotan, Bilbon fabrika bat abian jartzeko. Fabrika horrek 20.000 hektolitro ekoizten ditu urtean, eta datozen urteetan 60.000 hektolitrora iristea aurreikusten da.
Patxi Koop ostalaritzako produktuak banatzen dituen kooperatiba da. 1985ean sortu zen, eta 5.000 m2-ko biltegiak ditu Derion

Empresa XXI-2019ko azaroaren 15a