Hasiera / Berriak / COVILA,KOOP.ELK,. UPATEGIAK HIRU MILIOIKO SALMENTEI EUTSI ETA ESPORTAZIOA HANDITZEA AURREIKUSTEN DU

Berriak

COVILA,KOOP.ELK,. UPATEGIAK HIRU MILIOIKO SALMENTEI EUTSI ETA ESPORTAZIOA HANDITZEA AURREIKUSTEN DU

2019-10-01

Covilak negozio-zifrari eustea eta esportazioak areagotzea ditu helburu 2019ko ekitaldirako (enpresak abuztuaren 31n ixten ditu kontuak). Arabako upategiak 11 langile ditu plantillan, eta Pablo Sampedro kudeatzaileak adierazi duenez, fakturazioaren % 50 Espainiatik kanpo gauzatu nahi dute.

Covilak ardoa ekoiztu eta ontzeko bi upategi ditu gaur egun Lapuebla de Labarcan. Instalazio nagusia Bodegas Covila da eta 3,4 milioi litroko edukiera du. Puntako teknologia erabiltzen du prozesu guztietan (hartzidura-tenperaturaren kontrola, ponpa automatizatuak, iragazki tangentziala, elektrodialisi-bidezko egonkortzea, ardo zurientzako flotazio-sistemak eta abar).

Covilaren ekoizpenak behera egin du, kooperatibako bazkide-kopuruak bezala. 1992an inoizko bazkide-kopururik handiena izan zuen, 67 lagunekoa, eta gaur egun 22 dira. Ekoizpen propioak 2,7 milioi kilogramorekin jo zuen goia, eta 2019rako milioi bat kilokoa izango dela aurreikusi dute. Ekoiztutako kilo-bolumenaren murrizketa merkaturatutako botila-kopuruan igarri da, jakina. 2007an merkaturatu zituen upategiak botila gehien, 2,1 milioi, hain zuzen. Gaur egun 1,2 milioi botila inguru merkaturatzen ditu urtean, eta kopuru hori egonkorra da. Sampedrok azaldu duenez, «aldaketa horietara egokitze aldera, botila bakoitzaren kalitate-maila eta balio erantsia handitu ditugu, bolumena gutxitu izana konpentsatzeko; hortaz, gure fakturazioa nahiko egonkorra da, hiru milioi euro ingurukoa».

Azken zazpi urteetan egindako ordainketak 2,6 milioi euro ingurukoak izan dira. Zenbateko horren barruan daude Altos de Lapuebla upategia erostera bideratutako 1,2 milioiak. Inbertsioen artean azpimarragarriak dira tenperaturak kontrolatzeko ekipamenduetan, klimatizazioan eta energia-aurrezpenean egindakoak, nabeetako batean iaz jarritako autokontsumorako 40 kw-ko instalazio fotovoltaikoa barne. Era berean, 600.000 euro inguru inbertitu ditu instalazioak hobetzen, hartzidurakoak, enologikoak eta ardoa tratatzekoak, hain zuzen. Beste 500.000 euro inbertitu ditu upeletan eta ardoa ontzeko ekipamenduetan.
Covilak ardo-sorta zabala merkaturatzen du: Rioja jatorri-deitura kalifikatuko ardo beltzak, zuriak eta gorriak; ardo zuri eta beltz bereziak; ardo beltz onduak, erreserbakoak eta erreserba handikoak, eta premium motakoak edo egile-ardoak. 2016tik, Arabako upategia bigarren mailako kooperatiba bateko bazkide da.

Salmentak geldirik dauden arren, Covilak inbertsio-programari eusteko asmoa du, eta 100.000 euro inguru bideratuko ditu upelak, hartzidurarako tanga bereziak eta botilaratzeko instalaziorako klimatizazio-sistemak erostera.

ESTRATEGIA EMRPESARIAL- IRAILAREN 16TIK-30RA