Hasiera / Berriak / DISNEY+-EN INSTALATU DA GPONDOCTOR, ETA INSTALATZAILEENTZAKO EKIPO BERRI BAT PLAZARATU DU

Berriak

DISNEY+-EN INSTALATU DA GPONDOCTOR, ETA INSTALATZAILEENTZAKO EKIPO BERRI BAT PLAZARATU DU

2019-07-17

Nazioarteko merkatuen ziurgabetasunak oztopatu egin du negozioa azken urtean, baina, hala eta guztiz ere, 28 herrialdetan ari da lanean GPONDoctor, eta 70 bezero ditu. Orain, berriz, Disney+-en instalatu da —Netflix-en eta HBO-ren lehiakide den streamingeko plataforma digitalean, alegia—, haren zerbitzuen kalitatea egiaztatzeko, eta laster izango da dagokion trebakuntza eskaintzeko moduan. Izan ere, atzerrian dauka euskal startup horrek bere negozioaren % 80, Enrique Areizagak azaldu digunez. Enpresaren sortzaileetako bat da Areizaga, Roberto Trueba eta María Alejandorekin batera. Tecnalian jardunak dira hirurak, eta bazkide teknologikoa dute egun; Telnet Redes Inteligentes, berriz, bazkide fabrikatzailea.
Zuntz-sare batean diharduten fabrikatzaileen ekipoen arteko etxerainoko jardungarritasuna ziurtatzen duen soluzio bat garatu du euskal startup horrek. Izan ere, telekomunikazio-operadoreek eta fabrikatzaileek normalean lengoaia desberdinak erabiltzen dituzte, baina elkarrekin “ados jarri” beharra daukate bezeroari ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Hori da, hain zuzen ere, GPONDoctor-en eginkizuna: komunikazio-arazoak detektatzea eta konpontzea. Horretarako, desbideratzeak eta arazoak konpontzeko probak egiten ditu tresna berri horrek, eta konponbideak eskaintzen, fabrikatzaile bat baino gehiagoren ekipoak dituzten etxerainoko zuntz optikoko sareetarako (FTTH). Hona zer bermatzen duen tresnak: ahalik eta ondoena banatzea abonatuen etxe eta negozioetara telefonia, banda zabaleko Internet eta telebista zerbitzuak.
Batez ere instalazio eta mantentze-lanen sailetarako ekipo bat merkaturatu berria du konpainia horrek, eta erruz hedatzea espero du. Tamaina eta prezio txikikoa da produktua, eta dagoeneko aurkeztu dute merkatuan. Vodafonek eta operadore neutro batek eskatuta diseinatu zuten. “Konexio gurutzatuak detektatzea du eginkizun nagusia”, azaldu digu Areizagak. “Adierazten zaion lekuan konektatzen du instalatzaileak, eta segituan ikusten du ataka hori dagokion lekuan dagoen konektatuta. Bestalde, eguneratu egiten du planifikatu eta eraiki denari buruzko informazioa, eskuragarri jartzen ditu planoak, eta erabiltzaileak behar duen kalitateari egokituta eskaintzen ditu zerbitzuak. Produktu hori interesatzen zaien zenbait bezero baditu dagoeneko GPONDoctor-ek; besteak beste, AEBko operadore bat”. Urrian, berriz, XGSPON produktua merkaturatuko du (10 gigabiteko produktu simetrikoak). Lehen ekipoen eboluzioa da produktu berria, telekomunikazioetako fabrikatzaile handiei eta operadoreei zuzendua. Horri esker, zuntz optikoko sare berriek 10 gigabiteko teknologia izango dute, eta seguru asko konpainiaren bezero diren 30 operadoreak produktu berria erabiltzen hasiko dira merkaturatu orduko.
Ekipoak ez ezik, zenbait zerbitzu ere eskaintzen ditu GPONDoctor-ek; besteak beste, trebakuntza, probak neurrira egiteko laborategiak eta “giltza eskuan” motako soluzioak. Turkian, adibidez, jada amaitzen ari da soluzio horietako bat, eta Kanadan, Australian eta AEBn ere egin du lan; laster, berriz, Kenyara joango da. GPONDoctor-ek eskaintzen dituen zerbitzuen artean dago oraindik erabilgarri dauden ekipoak berreskuratzen dituzten konpainiei laguntzea ere. Izan ere, bezeroen etxeetatik erretiratzen diren ekipoak oraindik erabilgarri dauden jakin gabe eramaten dituzte zenbait enpresatako bezeroaren arretarako zerbitzuek, batez ere telekomunikazio-operadoreetakoek. Ekipo horietako % 80-85 lanerako moduan daude, ez baitaukate inongo arazorik. Hori dela-eta, enpresa batzuek probak egiten dizkiete ekipo horiei eta, egoera onean baldin badaude, garbitu, paketatu eta berriro merkaturatu egiten dituzte. GPONDoctor enpresak laguntzen die probak egiten.

Estrategia Emresarial uztailaren 1tik-15ra