Hasiera / Berriak / LEA-ARTIBAI ETA BUSTURIALDEA KOOPERATIBEN ERAGINA

Berriak

LEA-ARTIBAI ETA BUSTURIALDEA KOOPERATIBEN ERAGINA

2019-06-12

Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide eta Maier kooperatibek Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdean duten eragin ekonomiko eta soziala neurtzeko azterketa egin du Kooperatiben Mahaia Elkarteak.

Markina-Xemeinen, 2019ko ekainak 10. Lea-Artibai eta Busturialdeako Kooperatiben Mahaia Elkarteak, kooperatiben azken bi urteetako datu ekonomikoak biltzeari ekin dio, bi eskualde hauetan duten eragina ezagutzeko. Bildutako datuak, behin behinekoak izan arren, argi erakusten dute zer nolako pisua duten kooperatibek Lea-Artibai eta Busturialdean:
- Lanpostuak 2.571, hauetatik 797 emakumeak dira, %31.
- Bazkideak 1.792, hauetatik 547 emakumeak dira, %30.
- I+G+B gastua (salmentekiko) azken bi urteetan 23 milioi eurokoa izan da (23.001.727€), fakturazioa ia billoi batekoa (989.379.789€) eta inbertsioa ia 60 milioi eurokoa (59.905.983€).
Kooperatibek eskualdean duten eragina neurtzeko beste datu garrantzitsu bat, eskualdean egindako erosketa bolumena da, hau da, eskualdeko enpresen produktuak edota zerbitzuak kontratatzera bideratutako aurrekontua: azken bi urteetan kooperatibek bi eskualdeetan ia 37 milioi euro gastatu dituzte. Eta heziketa eta kooperatiba sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako 3,5 milio eurotik gora bideratu dituzte.
Bestetik, eta kooperatibak inguruarekin errotuta daudela adierazten duen beste datu esanguratsu bat euskararena da. Euskararen ezagutza eta erabilera maila %76an kokatzen da eta hizkuntzaren aldeko apustu horren adierazgarri dira Elkarteko kooperatibek dituzten ziurtagiriak (Bikain), sariak (Lauaxeta, Bihotza eta Elhuyar sariak) eta euskara planak.
Aipatutako datuok argi erakusten dute kooperatibek zer nolako eragina duten bi eskualdeetan. Elkarlana oinarri hartuta, eta urtetik urtera lankidetza hori indartuz doan honetan, kooperatibek eskualdeotan duten inpaktu ekonomikotik haratago, gaur egun eraldaketa sozialaren parte aktiboa ere badira.
Kooperatiben Mahaia Elkartea
Lea-Artibaiko Burdinolak, Cikautxok, Eikak, Fagor Arrasatek, Kidek, Laboral Kutxak, eta eta Busturialdeako Maierrek 2003.urtean elkarrekin biltzeko erabakia hartu zuten elkarlanari ekiteko ideiarekin. 2008. urtean, Azaro Fundazioaren laguntzarekin eta taldearen dinamizazio lana beregain hartuta, Kooperatiben Mahaia Elkartea sortu zen. Kooperatiba berrien sorrera sustatzea ardatz hartuta, elkartearen hasieretatik gaur egun arte 47 kooperatiba berri sortzen lagundu du Kooperatiben Mahaia Elkarteak. Gaur egun, horietako 39k bizirik diraute eta 264 pertsonari ematen diote lana.
Halaber, orain arte egiten zuten ekarpena areagotzeko asmoz, 2017.urtean, beste urrats bat ematea erabaki zuen elkarteak, eskualdeko eraldaketa sozialerako proiektuak elkarlanean garatzea hain zuzen ere. Erabaki horretatik eratorritakoak dira, gaur egun lantzen ari diren bi proiektu esanguratsu:
- Talentua sortu, mantendu eta erakarri.
- Ekintzailetza modu proaktiboan landu.
Kooperatiben Mahaia Elkarteak eskualdeko erakunde eta eragile ezberdinekin elkarlana sustatzea ezinbestekotzat jotzen du, hemendik aurrera ere eskualdeko garapen ekonomikoa eta sozialari ahalik eta bultzada handiena ematen jarraitzeko. Guztion etorkizuna eskualdearen etorkizunari lotuta baitago.

LEA ARTIBAI, KOOP.ELK.