Hasiera / Berriak / AUZO LAGUN KOOPERATIBAK TXILEKO LEHEN BOST OPERADOREEN ARTEAN KOKATZEA DU HELBURU

Berriak

AUZO LAGUN KOOPERATIBAK TXILEKO LEHEN BOST OPERADOREEN ARTEAN KOKATZEA DU HELBURU

2019-05-27

Berriki, Ausolan Taldeak urrats erraldoia egin du nazioartekotze-prozesuan. Urrezko ezteiak ospatzearekin bat, Kooperatibak hedapen-proiektu berria burutu du: Food Solution Chile enpresaren kapitalaren % 100 erosi du, Genova by Ausolanen bitartez, eta, horrela, talde handientzako otorduen sektoreko enpresa nagusietako bat izatera iritsi da Txilen.

Ausolan talde handientzako otorduetan espezializatuta dago. 2015ean ekin zion kanpoan zabaltzeko abenturari, nazioarteko merkatuaren prospekzioa egin ondoren Txileko merkatuan sartzea erabaki zuenean. Horretarako, Génova Servicios Gastronómicos elikadura-zerbitzuetako enpresaren % 60 erosi zuten.

Génovak 15 urtetik gorako esperientzia du sektorean, eta giza baliabideei dagokienez, 350 langile inguru ditu guztira Txile, Venezuela, Kolonbia eta Haitiko lantegietan. Langile horien taldera batu ziren 2018an Eneko Blanco, Lucia emaztea eta Inazio Amutxastegi, Gipuzkoako kooperatibaren ordezkari gisa. Egokitzapena bideratuta dago.
Génova by Ausolan familia-enpresa da, eta garrantzizko erreferentzia bilakatu da elikadura instituzionalaren teknifikazioan, sukalde nagusitik garraio-zerbitzua ere eskaintzen baitu Santiagon, «Ready to eat» produktu-lerroaren bidez.

Taldeko zuzendari nagusi Joseba Jainagak zehaztu duenez, «enpresa-ikuspuntutik, Food Solution erosita sinergiak sortuko dira, bezeroei balio erantsi handiagoko zerbitzua emateko lagungarri izango direnak, eta, aldi berean, baliabideak optimizatuz, eraginkortasuna areagotu daiteke». Enpresak in situ zerbitzua saltzen du, eta bezeroen artean ditu, besteak beste, unibertsitateak eta estamentu publikoak.

Ausolanek Latinoamerikan aurrera daraman nazioartekotze-prozesuaren barruan egin da erosketa. Hedatze-prozesu hori aliantza estrategikoen bidez eta Txilen hazteko apustu sendoa eginez gauzatzen ari da. «Elkarren osagarri diren bi negozioekin eta epe labur eta ertainera lortu ditzakegun sinergiak aprobetxatuta, gure helburua da Txileko bost operadore garrantzitsuenen artean egotea eta 2022an 35 milioi dolar inguruko negozio-bolumenera iristea», ziurtatu du Eneko Blancok.

2019ko maiatzaren 15a