Hasiera / Berriak / RPK S. COOP. ENPRESAK BERE AHALMEN INDUSTRIAL ETA BERRITZAILEA INDARTU DU GASTEIZEN

Berriak

RPK S. COOP. ENPRESAK BERE AHALMEN INDUSTRIAL ETA BERRITZAILEA INDARTU DU GASTEIZEN

2018-07-11

RPKren epe luzeko planei bultzada handia ari zaie ematen aurten, merkataritza-, berrikuntza- eta nazioartekotze-planetan lortutako emaitza onen ondorioz. Estrategia horien adierazgarri, Kooperatibak harremanak sendotu ditu BMW, Mercedes Benz eta Volkswagen etxeen Alemaniako egoitza nagusiekin. RPK kooperatibak EMPRESA XXI aldizkariari jakinarazi dionez, BMWk berretsi egin die bere motorren hurrengo belaunaldian parte hartuko duela. Hain zuzen, BMWrekin batera diseinatutako “valvetronic” malgukien hornitzailea izaten jarraituko du. Beraz, egungo eskariari datorren hamarkadan ere eutsiko zaio. Aipatutako programa 2019-2020 aldirako dago aurreikusita, eta, garatu ahal izateko, Kooperatibak bere ahalmen industriala bikoiztu egin beharko du, bost milioi unitatera helduz.
Iturriek nabarmendu dutenez, Kooperatibak Munichen duen bulego tekniko komertzialaren lana ere ezinbestekoa izan da bezero-zorroan sektoreko beste erraldoi bat sartzeko: Mercedes Benz, hain zuzen. RPKren lehen proiektua S klaseko ibilgailuen atzeko aterako malguki bat egitea izango da. Horri esker, Kooperatibak etorkizunerako beste lankidetza batzuk lortzeko aukera izango du, hala nola C klasearen inguruan, bolumen “oso interesgarriak” eskuratuz.
Gasteizko lantegiko jarduera suspertuko duen beste programa bat Tier-1 baterako egiten duten zapata-malgukia beste ibilgailu batzuetarako ere egiten hastea izango da. Kasu horretan, malgukiaren funtzioa balazta-multzoaren balaztatze-kalitatea bermatzea da zapataren balio-bizitza osoan.

Malgukiaren produkzioaren gorakada 2019an gauzatuko da. Ordutik aurrera, urteko entrega-bolumena 60 milioi unitatetik gorakoa izango da.

Halaber, RPK teknologia hori bera ari da garatzen Mexikoko filialean. Orain arte aipatutako proiektuei esker, makinak erosteko plan berria jarri du abian Kooperatibak, alde batetik, ahalmena handitzeko, eta, beste batetik, lantegiko ekipamendu batzuk 4.0 industriari lotutako konponbideekin berritzeko.

Horretarako, RPK-k 1.200 metro karratuko nabe bat erosi du egoitza nagusia handitzeko. Egoitza nagusiari atxikita dago, eta garai batean Volquetes Vitoria enpresak erabiltzen zuen. Biltegi osagarria izango da.
Gainera, layout berri bat diseinatu eta burutu dute duela gutxi, 13.800 metro karratuko azaleraren erabilera arrazionalizatzeko eta, aldi berean, 3.000 metro karratuko esparrua gorde ahal izateko, edozein eskari-gorakadarentzat.
Bestalde, nazioartean hedatzeko planak aurrerapauso izugarria emango du 2018an. Irailean, beste bulego tekniko komertzial bat hasiko da ekinean AEBetan, Charlotte hirian (Ipar Karolinan). Diseinatutako planaren arabera, bulego horrek laguntza emango dio Celayako lantegiari (Mexiko). Gainera, beharrezkoa izanez gero, lantegi hori industria-unitate baten bidez indartzeko aukera ere hartu da kontuan.

EMPRESA XXI-UZTAILAREN 1A