Hasiera / Berriak / FAGOR ELECTRÓNICA S. COOP. AITZINDARIA IZAN DA ASIAKO HEGO-EKIALDERA ZABALTZEN

Berriak

FAGOR ELECTRÓNICA S. COOP. AITZINDARIA IZAN DA ASIAKO HEGO-EKIALDERA ZABALTZEN

2018-06-11

Fagor Electrónica aitzindaria izan da euskal enpresen artean internazionalizazioaren arloan. Izan ere, euskal industriarentzat atzerria ia arrotza zenean, Mondragon Korporazioko kooperatiba horrek oso argi ikusi zuen bere jarduera zabaldu egin behar zuela, etorkizuna izango bazuen. Kooperatibak Thailandian duen ingeniaritza-buru Igor Amasenek azaldu duenez, 90eko hamarkadaren hasieran sumatu zuten erdieroaleen sektorea Asiako hego-ekialdean edo Txinan garatuko zela, Europaren eta Amerikaren kaltetan.

Fagor Electrónicak Thailandian duen industria-plantak 300 langile ditu gaur egun, eta Well Grow industrialdean kokatuta dago, Bangkoketik 40 kilometrora, Chachoengsao probintzian. Haren produkzio-azalera 5.700 metro karratukoa da, baina 12.000 metro karraturaino handitzeko aukera du. Hasiera batean muntaketa-faseko prozesu batzuk eramatea erabaki zuten, eta Arrasaten utzi zuten txiparen produkzioa, urtero automatizazioak eta produkzio-hobekuntzak eginez. Halere, urteak joan ahala, muntaketarekin lotutako fase edo prozesu guztiak, eskulan intentsiboa behar dutenak, Bangkokera eramatea erabaki zen. Prozesua 2006an amaitu zen. Makina modernoagoak ezarrita, produzitu beharreko unitate-kopurua handitu egin zen, eta, gaur egun, 2.000 milioi unitate baino gehiago produzitzen ditu urtean.

Produkzio hori mundu-mailako merkatuetara bideratzen du, baina batik bat Asiako hego-ekialdera eta Txinara. Kooperatibaren kalkuluen arabera, 16 milioi eurotik gorako salmentak izango ditu 2018an.

Thailandiako merkatuaren oztopo nagusiak honako hauek dira: langileen prestakuntza tekniko eta industrial eskasa, haien errotazioa eta talentua erakartzeko zailtasunak. Hori dela eta, Arrasateko matrizetik jendea bidali behar izaten dute hara. Halere, beste alde batetik, herrialdeak oso arau malguak ditu, hango langileak oso saiatuak dira eta teknologiaren ikuspegitik punta-puntakoa da.

Empresa XXI - EKAINAREN 1A