Hasiera / Berriak / FAGOR AUTOMATION KOOPERATIBA SOZIETATEA BESTE MERKATU BATZUK AZTERTZEN ARI DA WEEVIL PROIEKTUAREN BIDEZ

Berriak

FAGOR AUTOMATION KOOPERATIBA SOZIETATEA BESTE MERKATU BATZUK AZTERTZEN ARI DA WEEVIL PROIEKTUAREN BIDEZ

2018-01-05

Fagor Automation hiru gurpileko hiri-ibilgailu kapsulatu elektrikoen kontzeptu berri bat garatzen ari da buru-belarri, beste bederatzi erakunderekin batera WEEVIL proiektuan parte hartzeko aukeratua izan ondoren. Etorkizuneko autoaren egitura zuntz indartukoa izango da, eta, hortaz, ibilgailua arina eta segurua izango da. Gainera, merkatu-txoko berriak bilatzeko lehen esperientzia izango da kooperatibarentzat.

Gipuzkoako kooperatiba ibilgailuko powertrainean txertatutako trakzio-motorraren kontrola diseinatzeaz arduratuko da. SRM erreluktantzia kommutatuko (Switched Reluctance) motor baterako erreguladorea da, imanik gabea, ibilgailuko 80 V-eko baterian pilatutako energia erabiliz motorra kontrolatzen duena.

Nahiz eta motor-mota hori duela 100 urte baino gehiago izan ezaguna, oso gutxi erabili izan da, motorra kontrolatu ahal izateko driver elektroniko bat behar delako, besteak beste. Fagor Automationetik azaltzen dutenez, potentzia- eta kontrol-elektronikan egindako aurrerapenei esker, motor horiek hainbat gauzatarako erabil daitezke gaur egun; esate baterako, trakzio elektronikorako.

Hori dela eta, kooperatiba 10 Kw-eko driver elektroniko bat garatzen ari da WEEVIL motorrerako.
Driverra motorrari erantsiko zaio powertrainean, ahalik eta konexio gutxien egon dadin powertrainaren eta ibilgailuaren artean. Bi konexio soilik izango dira beharrezkoak: alde batetik, autoko bateriatik datozen bi potentzia-eroale, eta, bestetik, ibilgailuaren kontrol-unitatearekin (VCU) Bus Can bidez konektatzeko kable bat.
Egun, Fagor Automation driverra motorrarekin martxan jartzen ari da. Ondorengo fasea driverra eta behin betiko motorra powertrainean txertatzea da. Prozesu hori Italiako CECOMP enpresak gauzatuko du. Proiektuko bazkide horrek behin betiko ibilgailua fabrikatuko du, gutxi gorabehera 2018ko ekainerako.

Empresa XXI-abenduaren 15a