Hasiera / Berriak / MATRICI S. COOP. SOZIETATEAK TROKELGINTZAKO JARDUERA HANDITZEKO HEDAPEN PLANA DISEINATU DU

Berriak

MATRICI S. COOP. SOZIETATEAK TROKELGINTZAKO JARDUERA HANDITZEKO HEDAPEN PLANA DISEINATU DU

2017-10-23

Matricik, Mondragon Korporazioaren Tresneria eta Sistemen dibisioko kooperatibak, 2020ra arteko hazkunde-estrategia bideratu du. Automobilgintzaren sektoreko estanpazio-piezak egiteko baliabideak garatzen ditu.

Planaren helburu nagusien artean daude negozio-zifra % 40 handitzea —90 milioi euroraino— eta urteko ekoizpen-ahalmena % 7 areagotzea. Hedapen-planaren barruan dago Volvo enpresa hornitzea. Piezen fabrikazioa abian da, eta zatika entregatuko dituzte, 2018aren bukaera bitartean, 2019ko ekainean txertatzeko.

Plangintza estrategikoaren arabera, hamar milioi bideratuko dituzte lantegia modernizatzeko lanetara eta I+G jarduerarekin lotutako ahalmenak eta produkzio-baliabideak handitzera. Era berean, langileen espezializazio-maila handia bermatzeko erronkari helduko diote.

Helburu horrekin Matrici bi lan-ildo jorratzen ari da. Batetik, “Planta XXI” izeneko proiektua ari da garatzen, 36.000 metro koadroko instalazioak makina berrien eta produkzio-prozesuen estandarizazioaren bidez modernizatzeko xedearekin. Bestalde, laster inauguratuko diren bi sozietate berri sortu ditu: Matrici Advanced Training Center (MATC), prestakuntzaren arloa hartuko duena, eta Matrici Innovative Technology (MIT), I+G dibisioa hartuko duena. Bi sozietateek aipatutako jardueretako bakoitza formalizatuko dute, eta lantegi nagusiaren jarduna izango dute ardatz.
MIT 2.000 metro koadroko planta batean kokatuko dute, enpresa nagusitik hurbil, eta 30 lagun arituko dira bertan, aeronautikaren dibisioko teknologia berriak landu eta Kooperatibako arduradunek aurreikusi dituzten I+G jarduerak aurrera eramaten.

Jarduera horien artean osagaiak mekanizatzeko dibisioa dago, orain arte prozesu operatiboan sartuta egon ez dena, eta baita automoziorako tresneria fabrikatzeko area ere, estanpazio-teknologia berriak erabiliko dituena.
Gaur egun, instalazioak egokitzen ari dira eta osagaiak fabrikatzeko ekipamenduak eta mekanizazio-zentroak prestatzen dihardute.

Empresa XXI- Urriaren 15a