Hasiera / Berriak / SSI KOOPERATIBA-SOZIETATEAK ADINEKOEN ETA MENDEKOEN ETXEKO ARRETA DIGITALIZATU DU

Berriak

SSI KOOPERATIBA-SOZIETATEAK ADINEKOEN ETA MENDEKOEN ETXEKO ARRETA DIGITALIZATU DU

2018-05-15

Servicios Sociales Integrados (SSI) Taldeak Digisad aurkeztu du, adinekoei eta mendekoei eskaintzen zaien etxeko arreta-zerbitzuaren jarraipenean baliabide digitalak txertatzen dituen proiektua, hain zuzen. Digisad proiektuarekin, gizarte-ekimeneko eta onura publikoko enpresak biltzen dituen SSI Taldeak hobekuntza-prozesu bat eraman du aurrera: teknologia berrien bidez lan-metodo eraginkorragoa eta gaixoen eta familien arreta hobea lortu ditu, kooperatiba ziurtatu dutenez.

ABIAPUNTUA Etxeko Arreta Zerbitzuko sailaren prozeduren inguruan 2017. urtearen hasieran egindako ebaluazioa izan zen proiektuaren abiapuntua. Azterketak ondorioztatu zuenez, hobekuntza-arlo nagusiak ziren, alde batetik, etxeko laguntzako osasun-laguntzaileen eta koordinazio-taldearen arteko komunikazioa, eta, bestetik, artatutako pertsonen beharrei buruzko informazio-bilketaren kalitatea.
Gauzak horrela, 2017aren erdialdera, SSI Taldeak proba pilotua egin zuen, etxeko arreta-zerbitzua tresna digitalen bidez hobetzeko aukera ikusteko. Horretarako, taldeko kide batzuei smartphonea eman zitzaien, posta elektronikoko kontu korporatiboa eta artatutako pertsonei jarraipena egiteko tresna gaituta zituena.
Etxeko Laguntza Zerbitzuan txertatutako teknologia horiei esker, hobekuntza nabarmena nabaritu zen adinekoei eta mendekoei eskainitako zerbitzuan, osasun-laguntzaileen denboraren errendimenduan (batez ere joan-etorrietako denbora gutxitu zen), eta osasun laguntzaileek eta artatutako pertsonen familiek eskuragarri zuten informazioaren kalitatean.
PROGRAMAREN ZUZENEKO ABANTAILAK SSI Taldetik azaldu dutenez, Digisadekin izandako aurrerapenen ondorioz, etxeko arreta nabarmen hobetu zen, eta zerbitzuari buruz SSI Taldeak 2017aren hasieran egindako azterketan antzemandako hutsuneak konpondu egin ziren.

Lehenik eta behin, Digisadek denbora errealean ematen dio informazioa Etxeko Arreta Zerbitzuaren koordinazio-taldeari, eta horrek erraztu egiten du une horretan eskaintzen den etxeko arreta-zerbitzuan erabakiak hartzea eta prebentzio neurriak zehaztea.
Digisadek eskaintzen duen beste hobekuntza garrantzitsu bat da informazioa zentralizatuta eta eskuragarri dagoela SSI Taldeak zerbitzu ematen dien erakunde publikoentzat eta familientzat, etxeko adinekoei eta/edo mendeko pertsonari buruz kontsultak egin nahi badituzte. Paperezko fitxategiak desagertu egin dira, galderei berehala erantzuten zaie eta informazioaren akatsak edo zehaztugabetasunak izateko arriskua gutxitu da.
Bukatzeko, azken zerbitzuaren kalitatea hobetzeaz gain, Digisadek zuzeneko eragin positiboa du osasun-laguntzaileen lanean; izan ere, zerbitzu berriei, txanda-aldaketei edo behar berriei buruzko informazioa azkarrago eta zehatzago jasotzen dute.

2018KO MAIATZAREN 1-15A