Hasiera / Berriak / MATRICI KOOPERATIBAK MATRIZEGINTZAKO TREBAKUNTZA-ZENTROA INAUGURATU DU ZAMUDION

Berriak

MATRICI KOOPERATIBAK MATRIZEGINTZAKO TREBAKUNTZA-ZENTROA INAUGURATU DU ZAMUDION

2017-12-28

Matricik bere apustu estrategikoetako bat gauzatu du Matrici Advanced Training Center (MATC) abian jarrita. Trebakuntzarako eta ezagutza kudeatzeko zentroak, prestakuntza teknikoa eskaintzeaz gain, balioetan ere hezteko helburua du, Oscar Perez zuzendari nagusiak azaldu duenez. Ikastetxeetako matrizegile gazteak eta enpresan lanean ari diren profesionalak trebatuko dituzte bertan.
Azken hilabeteotan nazioarteko bezeroen eskabide garrantzitsuak lortu ditu Matricik, eta enpresaren hedapena dela eta, trokelgintzako sektorean goi mailako kualifikazioa duten langileak behar ditu. Horrenbestez, ildo hori jorratu behar izan du. Hain zuzen ere, 2017/2020 aldiko ziklo estrategikoan 200 langile hartzea aurreikusi du Matricik. Zamudioko (Bizkaia) instalazioetan kokatuta dagoen trebakuntza-zentroak enpresaren “premium” bezeroen eskaerei aurre egiteko beharrezkoak diren profesional kualifikatuak emango dituela azpimarratu zuen Mondragoneko lehendakari Iñigo Ucinek.

“Enpresa guztiek behar dituzte trebatutako profesionalak, baina herri honek egiteko zailetan du etorkizuna, eta horretarako pertsona gaituak eta prestatuak behar dira”, adierazi zuen Ucinek.

Zentroa abian jarriz “prestakuntzaren aldeko apustua” egin izana eskertu zion Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Matriciri. Agintariaren hitzetan, ekimenak, “guretzat hain garrantzitsua den automozioaren sektorean lehiakorrago izaten” lagunduko dio Bizkaiari.
Rementeriak gaineratu zuenez, “kalitatez ekoizteko enpresa berritzaileak behar ditugu, kualifikazio handiko langileak eta ingurune egokia”. Ildo horretan, “ikasten dugunaren eta hobetu nahi dugunaren arteko batuketa” garela esan zuen ahaldun nagusiak.

Estrategia Empresarial. 2017ko abenduaren 16tik 31ra