Hasiera / Berriak / FAGOR ARRASATEK LEHEN LANTEGIA INAUGURATU DU ALEMANIAN, EUROPAKO ERDIALDEKO ESKAERARI ERANTZUTEKO

Berriak

FAGOR ARRASATEK LEHEN LANTEGIA INAUGURATU DU ALEMANIAN, EUROPAKO ERDIALDEKO ESKAERARI ERANTZUTEKO

2017-10-24


Fagor Arrasatek Alemaniako merkatuarekin duen konpromisoa berretsi du: irailaren amaieran, Fagor Arrasate Deutschland GmbH filiala inauguratu du Hilpoltstein herrian.

Azken urteetan, eskaera-zorroa pixkanaka handitzen ari da Austrian, Suitzan eta haiekin muga duten herrialdeetan. Lantegia martxan jartzea horren ondorio logikoa da. Horri esker, Fagor Arrasatek bere presentzia handia finkatuko du, bai Alemaniako merkatuan, bai haren eragin-eremuan. Fagor Arrasate Deutschland GmbHak azken belaunaldi teknologikoko instalazioak izango ditu bezeroen behar zorrotzei eraginkortasunez erantzuteko, ezaugarri nagusiak azkartasuna, fidagarritasuna eta gaitasuna dituen zerbitzu profesional baten bidez. Lantegi berria oso onuragarria izango da bezeroentzat, haien produktibitatea eta errentagarritasuna handitu egingo baitira.

Lantegi horren inaugurazioa Fagor Arrasateren aurrerapauso historikoa da. Europan salmenta-puntu bat eta zerbitzu teknikoa martxan jartzea baino askoz gehiago egin du: enpresa bat sortu, eta muntaketan, programazioan eta proiektuen kudeaketan kualifikazio handia duten langileak kontratatu ditu.

“Lantegi hau irekitzea Fagor Arrasateren historiako une garrantzitsua da”, nabarmendu zuen Jose Mari Balzategik, Mondragon Korporazioaren barruan dagoen kooperatibako zuzendari nagusiak. Bestalde, Fagor Arrasate Deutschland GmbHko zuzendari Klaus Meier-ek hau azpimarratu zuen: “gure bezeroen premia eta eskaerei erantzungo diegu, proiektuak profesionaltasunez kudeatuz, Alemanian bertan dagoen zerbitzu azkar eta gai baten bidez, eta alemanez”.

Fagor Arrasate Deutschland GmbHak bulego-eraikin berria eta modernoa du, eta 500 m2-ko muntaketa-instalazioa, garabia duena. Lantegia martxan jarri izanak argi uzten du Fagor Arrasatek epe luzeko apustu estrategikoa egin duela Alemaniako bezeroen (VW partzuergoa, Daimler, Liebherr, Bosch, Voest Alpine, ArcelorMittal, etab.) lankidea izateko.

Estrategia Empresarial – Urriaren 23a