Hasiera / Berriak / COOPENOR, S.COOP. ERABERRITU EGIN DUTE TEKNOLOGIEN ETA INGENIARITZAREN ESKUTIK

Berriak

COOPENOR, S.COOP. ERABERRITU EGIN DUTE TEKNOLOGIEN ETA INGENIARITZAREN ESKUTIK

2017-10-11

Hodi-lineen soldadura izan da orain arte Coopenor enpresaren jarduera nagusia, eta sektore petrokimikoan eta elikadurakoan zabal hedatu da. Muntaketa industrialean diharduen kooperatibak bost urteko (2017-2021 aldirako) inbertsio-planari ekin dio, fabrikazio-teknologia berrien eta ingeniaritzaren bidez enpresa gisa bere burua berrasmatzeko xedearekin.

Helburua bikoitza da: batetik, jarduera ahalik eta gehien automatizatzea, instalazioetan laneskuaren denbora murrizte aldera, eta bestetik, bezeroei erabiltzeko prest dauden proiektuak eta produktu propioak eskaintzea. Gainera, gaur egun 90-100 langileko batez besteko plantilla duen kooperatibak bere jarduera Bizkaitik kanpora zabaltzeko prozesuari ekin dio.

Halaber, joan den hilean, Seed-Capital Bizkaiaren laguntzarekin, GH markako bi garabi erosi zituen, bakoitza 10 tonakoa, eta horrenbestez 35 tonaraino handitu du jasokuntza-ahalmena. Gainera, presio altuko probak (2.000 PSI artekoak) egiteko ekipamendua eta Sage Murano ERPa ere bereganatu zituen. Ekipamendu berriek aukera emango diote galdaragintza erdiastunaren sektorera sartzeko, besteak beste; eta horrela lantegiko alfer-denborak bete ahal izango ditu, edo portuan zerbitzua eman mahukekin.
Enpresak 5S metodoa ezarriko du 2.000 m2-ko lantegi estalian. Era berean, aurten, sei metrorainoko funtzio anitzeko lan-mahaia eta hodiak mozteko eta alakatzeko makina automatikoa (10 hazbeterainokoa) ekartzeko aukera aztertzen ari da, modu horretan prozesu osoa automatizatzeko, denbora aurrezteko eta produktibitatea % 50 inguru haztea ahalbidetzeko. Gerora, 2018an, pintura- eta jario-kabina bat erostea du helburu.

Aldi berean, epe ertainera begira, beste inbertsio batzuk egin nahi ditu Coopenor-ek. Negozio-segmentu berriak aurkitzeko merkatu-azterketaren emaitzen arabera bideratuko ditu inbertsio horiek, eta ildo horretan, produktu propioa saltzen espezializatu liteke, hala nola gasarekin lotutako neurrira egindako erregulazio-estazioak edota presiozko deposituak, Del Vallek aurreratu duenez.

Jarduera hedatzeko aukerari dagokionez, azken hilabeteotan kontratuak lortu ditu Gaztela eta Leonen eta Kantabrian.

EMPRESA XXI