Hasiera / Berriak / IRIZAR S. COOP. 2016KO «GIPUZKOAKO ENPRESA» IZENDATU DUTE

Berriak

IRIZAR S. COOP. 2016KO «GIPUZKOAKO ENPRESA» IZENDATU DUTE

2017-04-11

Ormaiztegiko Irizar enpresa urteko «Gipuzkoako Enpresa» izendatu du Gipuzkoako Ganberak. Sari horren bidez, Gipuzkoako enpresek aberastasuna eta enplegua sortzeko egiten duten lana aitortzen da. Aurtengo edizioa 25.a da, eta, ondoz ondoko laugarren urtez, Banco Sabadell-Guipuzcoano erakundea du babesle.

Irizarrek ez ezik, beste enpresa hauek ere lortu dute saria: Coprecik, «Enpresa Internazionalizazioaren» saria; Created Medicalek, «Industria ETEaren» saria; eta Aita Mennik, «Zerbitzu Enpresaren» saria. Sariak banatzeko ekitaldia Gipuzkoako Ganberaren egoitzan izan da eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapia eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano izan dira bertan.


Internazionalizazioa
Ekitaldia aprobetxatuz, 2016ko kudeaketa-txostena aurkeztu du Gipuzkoako Ganberak. Txostenean azpimarratzen denez, 81 enpresa berri sortu dira urtean Ekintzailetza Zerbitzuaren bidez, 88 lagun laneratu dira Enplegu Zerbitzuari esker eta 2.900 lagunek baino gehiagok hartu dute parte zuzendari eta enpresarientzako prestakuntza-ikastaro eta -mintegietan.

Internazionalizazioaren arloan, azpimarratzekoa da 700 gipuzkoar enpresarekin egindako lana, eta, bereziki, nazioarteko aholkularitzako 122 proiektuak eta 137 gipuzkoar enpresari baino gehiagori eskainitako nazioarteko 195 negozio-aukerak. Emaitza ekonomikoei dagokienez, Gipuzkoako Ganberak 59.748 euroko irabaziak lortu ditu itxitako ekitaldian.

EMPRESA XXI- APIRILAREN 1TIK 15RA