Hasiera / Berriak / RPK KOOPERATIBA SOZIETATEAK NAZIOARTEAN DUEN POSIZIOA INDARTUKO DU, TXINAN ETA ESTATU BATUETAN PROIEKTUAK GARATUZ

Berriak

RPK KOOPERATIBA SOZIETATEAK NAZIOARTEAN DUEN POSIZIOA INDARTUKO DU, TXINAN ETA ESTATU BATUETAN PROIEKTUAK GARATUZ

2017-04-10

Kooperatiba Txinan kokatzeko plana abian jartzea onartu du berriki RPK-ko bazkideen Batzarrak. Modu horretan, automobilgintza sektoreko hornitzaile gisa duen posizioa hobetuko du. Abian jarritako neurriarekin 2015-2018 aldirako ildo estrategikoak sendotuko ditu, nazioartekotzearen eta berrikuntzaren arloei arreta berezia eskainita. Izan ere, biak ala biak ezinbestekoak dira bezeroei erantzuteko ahalmena sendotzeko eta Gasteizko lantegiak korporazio- eta industria-zentro gisa eta I+G+b arloan duen egitekoa bultzatzeko.

Txinako plana abian jarrita, kokaleku anitzeko manufaktura-sarearen egituraketa sendotu egingo da, lantegi hori Mexikon (2002) eta Indian (2010) martxan jarritakoei gehituko baitzaie. Kooperatibak “bere kabuz eta zuhurtasunez” ekingo dio egitasmoari. Aurreikuspenen arabera, RPK-k 1.000 metro koadro inguruko lantegia izango du Mondragon taldearen Kunshan poligonotik hurbil dagoen gunean. Makinetan 1,5 milioi euroko hasierako inbertsioa egingo dutela dio Negozio-planak.

Era berean, bost urteko epean ia 100 lanpostura iristeko erronka du Kooperatibak.
Kasu horretan, Arabako kooperatibak Detroitera eraman nahi du 2015ean Munich inguruan inauguratu zuen bulego tekniko eta komertzialaren eredua. Alemanian, atzerriratutako eta tokiko langileekin, Lemforder, TRW, Bosch, Continental, BMW eta beste bezero batzuekiko hurbiltasuna eta lankidetzarako gaitasuna areagotu ditu RPK-k. Hori ikusita, Estatu Batuetako automobilgintzako hiriburuan kokatzeko egitasmoari heldu dio. Bulegoa ekitaldia amaitu aurretik hasiko da lanean.

Enpresa globalagoa antolatzearen ondorioz, RPK-k taldeko langileen kopurua handitu du eta dagoeneko 560 baino gehiago dira, horietatik % 60 2011. eta 2016. urteen artean laneratutakoak. Gasteizko lantegian ere lanpostuek gora egin dute eta gaur egun 250 langile baino gehiago dira, balio erantsi handiagoko programak industrializatzeari esker –BMWren motorrentzako “valvetronic” malgukia, esaterako– eta ingeniaritzako I+G+b baliabideak sustatzeari esker —2015ean teknologia-zentroa sortu zuten Gamarrako Ateko egoitzan—.

Empresa XXI-APRIRILAK