Hasiera / Berriak / AURRENAK KOOPERATIBA SOZIETATEAK BERE JARDUERAREN ERAGINKORTASUNA AREAGOTUKO DU PLAN ESTRATEGIKO BERRIAN

Berriak

AURRENAK KOOPERATIBA SOZIETATEAK BERE JARDUERAREN ERAGINKORTASUNA AREAGOTUKO DU PLAN ESTRATEGIKO BERRIAN

2017-03-31

Aurrenak kooperatibak, galdaketarako moldeak eta erremintak diseinatu eta fabrikatzen dituen Mondragon Korporazioko partaideak, Gasteizko lantegi nagusian eraginkortasuna areagotzea izango du xede datozen lau urteetan. Era berean, nazioarteko garapena osatu nahi du eta langileen artean ezagutza sustatu. 2020ra arteko plan estrategiko berrian jaso dituen hiru helburuok lortze aldera, 12 milioi euroko inbertsio bateratua egingo du Arabako produkzio-lantegian eta mantentze-lanak eta azken muntaketakoak egiten dituen Mexikoko lantegian.

2024. urterako 50 milioi euroko fakturazio bateratura iristea da Aurrenak kooperatibaren azken buruko erronka. Urte horretan mende erdia beteko du.

Zuzendaritzatik azaldu dutenez, barrura begira erronka nagusia Gasteizko lantegian eraginkortasuna areagotzea izango da, bertan ekoizten baitituzte erreminta guztiak.
Aurreikusitako gastuen bidez produkzio-ahalmena eguneratzeko ekipamendua erosi eta funtsezko prozesuak berrikusi eta optimizatuko dituzte, enpresaren antolaketa-garapena finkatze aldera. Izan ere, datozen urteetan kooperatibak handitu egingo du bere produkzio-gunea, lantegiaren ondoan 4.000 metro koadroko lurzatia erosi ondoren.

Nazioarteko jarduerari dagokionez, Aurrenak kooperatibak Loramendi enpresarekin partekatzen duen sare komertziala osatu eta indartuko du.
Ipar Amerikan, hain zuzen, Estatu Batuetan duen presentzia sendotuko du, gaur egun bulego bat baitu Fenton hirian (Michigan). Mantentze- eta konponketa-zerbitzuak Estatu Batuetatik bertatik eskaintzeko aukera aztertuko du, edo bestela Saltilloko (Mexiko) lantegitik eskainiko dituzte.
Bestalde, Txinan duen talde tekniko eta komertziala indartuko du, tokiko merkatua eta Asia ingurukoa zabaltzeko asmoz. Dagoeneko lanean hasia da Hego Koreako eta Japoniako bezeroekin.

EMPRESA XXI-MARTXOA